Bilbo Zaharra euskaltegiak ondutako Klasikoen Irakurraldiaren XIII. edizioak haur eta gazte literatura omenduko du, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak irakurriz.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena Arriaga Antzokian izango da, gaur, 08:00etatik 14:00etara. Bada, Azkue Fundazioak irakurraldian parte hartuko du; hain zuzen, Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasuso irakurraldian izango da gaur goizean. Ekitaldia ekainean egin ohi da, baina COVID-19 pandemia tarteko, atzeratu egin da.
Mariasun Landak irakurriko ditu lehenengo lerroak, 08:00etan, eta ondoren, beste 200 pertsona inguru pasatuko dira mikrofonoaren aurretik, besteak beste, mundu 50 Euskal Etxeetako ikasleek hartuko dute parte grabatutako bideoen bidez. Ekitaldia, halaber, streaming bidez ikusi ahalko da: www.eitb.eus/klasikoenirakurraldia
Wikipediaren arabera, “Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, 1949) ezaguna da batik bat haurrentzat idatzitako ipuinak direla-eta, Galtzerdi suizida eta Krokodiloa ohe azpian izanik, besteak beste, ezagunenak. Arlo honetan, liburu ugari plazaratu ditu, bai eta hainbat sari lortu ere. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren arloan lortu dituen sarien artean, 1991n Alex ipuinagatik jasotako Euskadi Saria eta 2003an Krokodiloa ohe azpian narrazioagatik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala dira aipagarrienak. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen”.