Tokikomen 10. urteurreneko jardunaldiak Getxon egingo dituzte martxoaren 24an; bertako eta nazioarteko adituek parte hartuko dute. 

Aurten, hamarkada bat beteko du 76 toki komunikabide hartzen dituen Tokikom taldeak. Data berezi hori ospatzeko asmoz, gertuko kazetaritzari buruzko jardunaldiak ondu ditu taldeak.

Komunikabideak etorkizuna ehuntzen lelopean aurkeztuko diren jardunaldiak martxoaren 24an egingo dira, Getxoko Olatua gurutzontzien terminalean.

Taldeak jakinarazi duenez, “hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izango da. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren ‘Local Democracy Reporting’ eta ‘Shared Data Unit’ esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.

Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izango da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.

Gai teknikoekin jarraituta, kazetaritza eta digitalizazioa ere hartuko dugu hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dugu, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehetuko ditugu”.

Informazio gehiago, hemen.

getxo_tokikom