Gasteizko Hortelanos komunikazio-agentziak SafeTimer abiatu du, COVID-19k eragindako osasun-krisia gainditzen laguntzeko doako aplikazioa. Aplikazio horrek maskarak erabiltzeko denbora kontrolatzen laguntzen du. Doakoa da.
SafeTimer aplikazioak maskara baten erabilera-denbora kontrolatzen laguntzen du. Maskara mota bakoitzerako gomendatutako erabilera-denboraren arabera aktibatzen diren tenporizadoreen bidez funtzionatzen du. Denbora-tarte hori gainditzen denean, aplikazioak ohar bat bidaltzen du.
Aplikazioa lagungarria da, batez ere, herritar guztiak maskarak behar bezala erabiltzearen garrantziaz jabe daitezen.
Oraingoz, SafeTimer-en lehen bertsioa baino ez dago, eta, haren sustatzaileen arabera, kode irekiko aplikazioa da. Hartara, aplikazioak garatzen dakien edozeinek parte har dezake, aplikazioaren funtzioak gehitzeko edo daudenak hobetzeko: interesgarria litzateke aplikazioak maskararen erabilera-denbora automatikoki ezagutzea, esaterako, maskara horien etiketak irakurtzen dituzten QR kodeen bidez.
SafeTimer App Store-n dago eskuragarri, eta laster Android bertsioa sortzeko asmoa dute. Aplikazioa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez erabil daiteke.