Udan, Core Web Vitals SEO posizionamendu-faktore gisa sartuko denez, erabiltzaileak eta webmasterrak kezkatuta daude beren web orrien karga-abiadurarekin. Horren harira, orri baten karga-denborei eragiten dien ohiko arazoetako bat, eta konpontzen errazena dena, irudien pisua da.

Irudiak kargatzean arazorik dagoen jakiteko, PageSpeed Insights erabil daiteke. Bertan agertuko dira orrialdeen karga- eta abiadura-arazo guztiak. Irudiekin arazoak izanez gero, hainbat irtenbide azkar eta erraz daude; adibidez, irudien karga atzeratua aktibatu, irudia ukitu, tamaina egokia izan dezan, eta eduki-kudeatzaileari zehaztu zer tamaina izan behar duen, -kudeatzailetik bertatik (batez ere WordPress bada) edo plugin-ak instalatuz konpon daiteke hori-.

Bestalde, ohikoena irudiak tratatzeko programak erabiltzea da, edo irudi-konpresoreak erabiltzea, hala nola, TinyPNG, irudien pisua murrizten baitute. Hala ere, askotan, irudiek kalitatea galtzen dute, eta pixelatuta ikusten dira edo tamaina txikiegia dute.

Hori arazo bat izan daiteke orrialdearen SEOrentzat, Google Images-eko irudiaren indexazioan eragingo bailuke. Alde horretatik, kontuz ibili behar da, eta inoiz ez irudiaren kalitatea %75etik behera jaitsi. Irudia oso astuna bada, kalitatea galdu gabe konprimi daitekeen beste bat bilatzea izango da egokiena.

Beste irtenbide zailago bat irudi eta bideo formatu modernoagoak erabiltzea da; esaterako, “irudi moldagarriak” (responsive images), automatikoki egokitzen baitira pantailaren tamainara.

Irudien pisuaz inoiz kezkatu ez diren erabiltzaile batzuek bat-batean egin dezakete, eta edukien irudiak murriztu edo arindu egin ditzakete. Horren ondorioz, irudiak ez du URL bera, fitxategiaren izena edo amaiera aldatu delako; beraz, erabiltzaile bat Google Images-en bidez iristen bada, 404 akatsak ager daitezke. Alde horretatik, irudia aldatzen bada, birbideratze bat egin behar da, sarrera baten URLa aldatzen denean bezala.

Kasu batzuetan, baliteke irudietan aldaketa handirik egin beharrik ez izatea. Batez ere, web guneak trafiko gutxi jasotzen badu Google Images-etik. Kanal horretatik jasotzen den trafikoa ezagutzeko, Google Search Console-ra jo daiteke, eta «Errendimendua» txostenean, «bilaketa-mota: irudiak» iragazki bat sor daiteke. Bilaketa-bolumena oso txikia bada, ez da beharrezkoa izango irudiaren URLa birbideratzea.