Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiko harrera ekitaldian hitza hartuko dute bihar, urriak 31, Durangon.
Udal ordezkaritza ere izango da bertan, Ane Abanzabalegi eta Julian Rios alkateordeak, eta hala, ekimen honen bultzatzaile diren hiru instituzioak arduratuko dira parte hartuko duten 450 gazteei ongietorria emateaz.
- Harrera 9:00etan izango da bihar, urriak 31, Plateruena Kafe Antzokian.
- Xareegitasmoak euskararen erabilera sustatu nahi du IKTen alorrean eta, oro har, kultura digitalaren esparruan.
- Eguerdiko 14:00etara bitarte, Batxilergoko 1go mailako 450 ikasle trebatuko dira Landako Gunea, Plateruena Kafe Antzokia eta Zugaza Zinema beteko dituzten zortzi lantegi praktiko, zazpi aurkezpen eta bi hitzaldi interaktiboetan.
- Xare Gasteizera eta Donostiara ere iritsiko da azaroaren 27an eta abenduaren 17an, hurrenez hurren. Iruñean urriaren 29an egin zuten Sarean Euskarazizenpean.
Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutarazteko helburua duen Xare egitasmoaren bultzatzaile diren hiru instituzioak arduratuko dira bertan parte hartuko duten 450 gazteei harrera egin eta ongietorria emateaz.
Euskara IKTen sektorean eta gazteen mundu naturala den unibertso digitalean txertatzeak duen garrantziaz ohartuta, Iudana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordea, baita Udal ordezkaritza ere, Durangoko hitzordura hurbilduko dira.
Harrera ekitaldia 9:00etan izango da Landako Gunean. Eta, 14:00etara bitarte, hiru ikastetxe ezberdinetatik etorritako Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte 3 gune ezberdinetan zehar sakabanatutako ekintzetan.
Interesgune nagusia Era Aretoa (Zugaza Zinema) izango da, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako gunea, hain zuzen. Maider Likona (Gipuzkoako Software Askea elkartea) eta Ane Ortiz sexologoak (Emaize) hitzaldi interaktibo bana emango dute pribatutasunaren eta sare sozialen bidezko harremanen inguruan, hurrenez hurren. Izan ere, teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure bizitzako eremu intimoenetan ere, eta horregatik da garrantzitsua erabilera horren (ona, erdipurdikoa ala txarra) ondorioak ezagutzea eta kalteak saihestea.
Info Aretoan (Plateruena Kafe Antzokia) euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 7 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzungo dute ikasleek, tartean, Puntueus Fundazioa, Booktegi, Librezale, Alboan edota Euskal Wikilarien Elkartea.
Eta Ikas Aretoan, bestalde, (Landako Gunea) zortzi lantegi praktiko izango dituzte aukeran app diseinatzaileekin, musikagintzan, robotikan, 3D inprimagailuekin edota bideomappingean trebatzeko, besteak beste.