Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak eta Game Erauntsiak Sortu eta Play webgunea eta Youtube katea eratu dute, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin.

Sortu eta Play-ren helburua hauxe da: gazteei eduki dibulgatzaile eta entretenimenduzkoak egiteko funtsezko ezagutzak eskaintzea, euskaraz ariko diren youtuber eta streamerrak sortzeko.

Hala, erabiltzaileak youtuber formatuko euskarazko bideoak edota streaming-ak sortzeko baliabideak aurkituko ditu webgunean.

Horrekin batera, bideo-tutorial “sorta ulerterraz eta dinamikoa” egin dute. Orotara, alde praktiko eta teorikoak biltzen dituen zortzi bideo-tutorial aurkituko ditu zaleak. Sortu eta Playko webgunean zein Youtube katean ikus daitezke. Glosarioa eta galdera nabarmenak ere badira.

Azkenik, euskal sortzaileek ikus-entzunezko ekoizpenak partekatzeko parada ere badute Sortu eta Play webguneko Komunitatean edo Euskal Sortzaile Digitalen Topagunean. “Komunitatearen helburua Interneten euskaraz sortutako bideoak zabaltzea da, eta hartara, ezinbestekoak dira erabiltzaileen ekarpenak”.

Sortu eta Play: https://sortuetaplay.asmoz.org