Urtea bukatzen ari delako izango da, udazkena delako edo nik zer dakit, baina farotik ikusten direnak ez dira albiste batere argitsuak. Tematu beharra dago eta jendea ez deprimitzeko bi faro segidan argitaratuko ditugu, bat iluna eta bestea argia, behintzat batean argi apur bat izateko. Hemen lehena, faro iluna.

Faro iluna

Kamera bidezko kontrola zabaltzen ari da eta adimen artifizialari baturik joera autoritarioentzako aukera handiak ematen dituela argi dago. Estatu Espainiarra, adibidez Europa mailan kamera gehien dituenen artean aurkitzen da; zehazki bostgarren postuan. Adituek ohartarazi dute eztabaida publikoa ireki behar dela, joera autoritarioak hedatu baino lehen.

Frantzian aldiz, Emanuel Macronen gobernuak aurpegi detekzioa aktibatu nahi du, zerbitzu publikoen erabilerarako identifikazio metodo bezala. Zalantza handiak daude baina, horretarako bakarrik erabiliko den. Europako legedian, pribatutasunaren aldeko zenbait lege onartzen diren bitartean, zenbait estatuk bere bide propioa egin nahi dutela dirudi honetan ere.

Gertuko bi adibide soilik dira, Europako teknologia gehiena beraien esku ez dagoela kontutan hartuta, oraindik zalantza gehiago sortzen dituena. Estatuek kontrolerako erabiliko badute, behintzat   kontrol (ustez) demokratiko baten pean egingo da, baina teknologia hauen guztien kontrol totala eskuratzea ezinezkoa da, teknologia bera kontrolatzen ez denean.

Snowden-ek Errusiatik Google, Amazon eta Facebooken eredua bortizkeria dela esaten jarraitzen du. Facebook-ek Cambridge Analyticarekin gertatutakoaren ondoren gauzak konponduko zituela uste zuenan ere jai du, praktika horiek oraindik erabiltzen jarraitzen dira eta ugariagoak dira orain. Google famatu izan zen bere lan kultura irekiagatik, bada orain irekitasun horrekin amaitu eta langileen kexak saihestu, zelatatu eta sindikalizazioaren aurka dihardu. Zerbitzu erabiltzaileentzako albisteak ere ez dira onak, pribatutasunaren kontrolerako neurri gehiago ezagutarazi bazituen ere, ez dira nahikoak.

Joera batzuk ez dirudite ez on, ez txar bere horretan, neutralak ezta ere, adibidez “vishing” deitzen ari zaion hau. Adimen artifiziala baliatuz, mostra txiki batekin gure ahotsa simulatzea lortzen duen teknologia jada gurean da. Ahotsa galdu duen pertsona baten ahotsa klonatzeko balio dezake edota batzuek erabiltzen ari diren moduan iruzur berriak asmatzeko.

Antzeko zerbait gertatzen da 5G teknologiarekin ere. Microsoft, Baidu, Qualcomm, Western Digital edo Alibaba bezalako munduko teknologia konpainia handietako hainbat aditu eta buruzagik 5G sareek eta Adimen Artifizialak Internet mugikorra irauli eta mundua eraldatuko dutela iragartzen dute. Ados, baina zeinen alde irauli? Etxeko atea virus batek itxi digula konturatzen garenean akaso, esnatuko gara.

faro_333333