Telegram mezularitzako aplikazioa mila milioi aldiz deskargatu da mundu osoan. Horrek ez du esan nahi deskarga guztiak instalatu direnik, ezta erabiltzaile kopuru hori lortu duenik. Izan ere, Telegram-en erabiltzaile kopuru osoa 500 milioi pertsonatik gorakoa omen da mundu osoan, batez ere WhatsApp-en erabilera-baldintzak aldatu ondoren, urte hasieran, erabiltzaileen migrazioa eragin baitzuen. Erreferentzia gisa, komeni da esatea WhatsAppek 2.000 milioi erabiltzaile baino gehiago dituela mundu osoan.

 Hartara, Telegram 1.000 milioi deskarga baino gehiago izan dituzten aplikazioen klubena sartu da; besteak beste, Facebook, Facebook Messenger, Instagram, Netflix, Snapchat, Spotify eta WhatsApp dira klub horretako kide boteretsuak. Orain arte 15 kide besterik ez dira izan.

Telegram nabarmen hedatu da mundu osoan, batez ere WhatsAppen pribatutasunari buruzko arau berriak ezarri zirenetik: erabiltzaile askok Telegramen alde egitea erabaki zuten, WhasAppen kalterako.

Gaur egun, Indian du presentzia handiena Telegramek; han, deskargen % 22 lortu du; ondoren, Errusian (% 10) eta Indonesian (% 8). 2021. urtea erabakigarria izan da Telegramen hazkunderako, 214 milioi deskarga baino gehiago lortu baititu, eta nabarmen gainditu ditu 2020. urtean lortu zituen 133 milioi deskargak; hau da, %61eko hazkundea, gehienbat WhatsAppetik milioika erabiltzailek alde egin dutelako.

Argitu behar da instalazio kopuruak ez dakarrela erabiltzaile aktiboen kopuruarekin bera. Gaur egun, Telegram-ek 500 milioi erabiltzaile aktibo inguru ditu. Izan ere, erabiltzaile batek plataforma bateko aplikazioa gailu batean baino gehiagotan instalatu ohi du (adibidez, smartphone eta tabletan), bata zein bestea erabili ahal izateko.