Bideojokoekiko mendekotasunari aurre egiteko beste neurri bat da, Txinako gobernuaren arabera, gazteak suntsitzen dituen “espirituarentzako opioa”.

 Egunean ordu bat gehienez, eta ostiral, larunbat eta igandeetan bakarrik. Hori izango da 18 urtetik beherako txinatar gazteek hemendik aurrera sareko bideojokoetan aritzeko izango duten denbora.

 Jokoekiko mendekotasunari aurre egiteko Txinako gobernuaren arau berri eta murriztaile batek ezarritako muga da. Agintari txinatarrek diotenez, “gehiegizko erabileraren arazoari edo adingabeak lineako jokoekiko mendekotasunari erantzunez, zorrotz kontrolatuko dira osasun fisikoa eta mentala eraginkortasunez babesteko neurriak”. Bideojokoak “espiriturako opioarekin” konparatu dituzte.

Tencent edo NetEase bezalako lineako joko ezagunen zerbitzariak kudeatzen dituzten enpresei bidali zaie oharra, eta, gainera, gazteek jokatu ahal izango duten ordu bakarra jaso dute bertan: 20:00etatik 21:00etara. Jai nazionaletan ere ordutegi berean jokatu ahalko da.

Txinak bazuen adingabeen lineako jokoa kontrolatzeko lege murriztaileenetako bat. Orain arte, 18 urtetik beherakoek egunean ordu eta erdi besterik ezin zuten jokatu, baina ia egunero, ez asteburuetan bakarrik.

Gainera, jokoa 22:00etatik  8:00ak arte debekatuta egon arren, jokalariek aukera zezaketen eguneko zein unetan erabili 90 minutu horiek.

Sareko jokoen plataformek, beraz, ezarritako ordutegi-mugak kontrolatzeko sistemak dituzte, eta erabiltzaileek izen errealak eman behar dituzte joko-kontuetan inskribatzeko.