Telegramen sortzaile Pavel Durov-ek  bere blogean iragarri duenez, Whatsapp ez da sekula segurua izango; iragan astean, Whatsappek aitortu zuen giza eskubideen zenbait elkartetako ordezkarien txatak hackeatuak izan zirela.

Pavel Duroven iritziz, “Whatsappek espioi bihurtzen du telefono oro. (…) Albisteak ez nau harritzen, Whatsappek iaz onartu behar izan baitzuen nahikoa zela bideo-dei bat telefonoaren datu guztietara sartzeko”.

“Whatsappek bere aplikazioan gertatzen den ahultasun kritiko bat konpondu behar duenean, badirudi beste bat sortzen dela. Segurtasun arazo guzti horiek oso egokiak dira zaintzarako, eta atzeko ateen antzera funtzionatzen dutela dirudi”, baieztatu du Telegrameko ordezkariak.

Atzeko ate horiek sarbide-puntuak dira, eta horien bidez enpresa eta gobernuek erabiltzaileen informazio-edukiak lor ditzakete, tartean, txatak, argazkiak eta bideoak.

Horrekin batera, Whatsappen kodea aipatu du Durovek, ez baita kode irekia; hortaz, ikertzaileek ezin dute jakin non dauden atzeko ate horiek. Azkenik, AEBetako segurtasun erakundeak atzeko ate horien erantzuletzat jo ditu.  “Ez da erraza komunikazioen aplikazio bat edukitzea AEBetan. 2016an, nire lantaldea astebetez izan zen bertan, eta FBIren hiru infiltrazio ahalegin izan genituen”.

Informazio gehiago.