Xabier Montoiaren itxaropen ipuin-bilduma argitaratu du Booktegik. Edizio elebiduna da –euskaraz eta ingelesez–, eta Oier Guillanek, halaber, ipuin bat grabatu du.

Gaur, gainera, argitalpen horiek aurkeztuko dituzte Donostiako Botanika tabernan, 19:00etatik aurrera. “Xabier Montoiaren emanaldi berezia izango dugu. Oier Guillan ere izango dugu gurekin. Ongi etorria izango zara, noski”, iragarri du Booktegik.

Booktegik eta Azkue Fundazioak, bestalde, lankidetza adostu dute idazleen elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren denboraldi berria babesteko asmoz. Aurten, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskizabel eseriko dira Booktegiko ElkarrizKatea saioko aulkietan, Azkue Fundazioaren babesean. Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, baita idazleen biografiak aurkeztu ere.