ZuZeu orainkariak 10 urte beteko du aurten, eta urteurren horren harira, hiru podcast abiatu ditu. Horietako bat Maite Goñik zuzendutako 10 minututan da, zeina Azkue Fundazioak babesten duen. Podcast horrek hizkuntza eta teknologia lotzen ditu, eta asteazkenero egiten da. Bada, atal berri bat sarean duzue eskuragarri: Natibo digitalen belaunaldia eta alfabetizazio mediatikoa.

“Mark Prensky hezkuntza guruak 2001ean esan zuen belaunaldi berriak, 1984 urtetik aurrera jaioak, natibo digitalak direla eta immigrante digitalok ez ditugun gaitasunak dituztela teknologiari dagokionean. Baina askoz ere konplexuagoa da gaia, izan ere, ikerketa askoren arabera gauza bat da teknologiekiko dugun lotura eta abildadea, eta beste bat bertako edukiak eta hizkuntza interpretatzeko dugun gaitasun kritikoa. Alfabetizazio mediatikoaz hitz egingo dugu gaur, 10 minututan”.

ZuZeuren arabera, “hezkuntza eta teknologia lotzen dituen hariari tiraka azken joerak, aplikazioak eta trikimailuak ekarriko ditu Maite Goñik 10 minututan saiora. Labur bezain zehatz askatuko dizkigu teknologiak sortzen dizkigun korapiloak. Ikasteko garaia da”.