Booktegik jakinarazi duenez, “Xerezaderen Artxiboaren audioak Booktegin ere egongo dira entzungai. Grabaketetan euskaraz sortutako nahiz euskarara itzulitako narrazioak daude, eta literatura entzuteko aukera paregabea ematen digute”.

Xerezaderen Artxiboa Azkue Fundazioak ondutako Blogetan! blog lehiaketaren azken edizioko irabazleetako bat izan da.

Booktegiren arabera, “Xerezadekoek urte asko daramatzate lanean, eta artxiboa literatura zoragarriaz beteta dago. Guretzat plazer handia izango da artxiboaren irakurketa ederrak Booktegiko irakurlei helaraztea”.

Hala, eta lankidetza hori abiatzeko asmoz, Xerezaderen Artxiboaren lau audio argitaratu ditu Booktegik: Nork jakin?, Banatuz doazen bidexken jardina, Amontillado upela / Bihotz salataria eta Hormako paper horia. “Eta aurrerantzean gure audio guztiak MP3 formatuan deskargatzeko aukera izango duzu telefonoan eta edozein momentutan entzuteko”.

Booktegik eta Azkue Fundazioak, bestalde, lankidetza adostu dute idazleen elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren denboraldi berria babesteko asmoz. Aurten, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskizabel eseriko dira Booktegiko ElkarrizKatea saioko aulkietan, Azkue Fundazioaren babesean. Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, baita idazleen biografiak aurkeztu ere.