Munduaren bi ikuskera gailentzen ari dira, baina bata zein besteak ez garamatza etorkizun askeago batera, askatasuna mugatuago egongo den batera baizik. Teknologien bidez gure jendartea nola aldatzen ari diren eta bereziki nola aldatu nahi duten, hor jarriko dugu fokua oraingoan; beste etorkizun alaiagoak daudela adierazteko bada ere.
Ez Bezos eta ez Trump. Bi etorkizuneko proiekzio eta biak saihestu beharrekoak:
Retrotopia: iraganean ibilitako bideetako ziurtasunetan nabigatuz, etorkizuneko erantzun guztiak iraganean topa daitezkeela pentsatzen duen sinismena. Teknologia erabiliko badute balio horiek indartzeko eta jendartea kontrolatzeko izango da; mekanismo biopolitiko autoritarioenei eskala handiagoa emateko. Trump eta ultra eskuindar globalak politikan eta Mirabearen ipuina telesailak fikzioan irudikatzen dute hobekien hau.
Soluzionismoa: Arazoei erantzun efektibo bat teknologiaren bidez emateko gaitasuna dugula eta arazorik gabeko gizakiaren gaindiko etorkizun teknologiko baten sinismena da. Hiperkapitalismo honek, ezartzen den lurraldean, aurreko adostasun eta eskubideak alboratzeaz bizi da. Araudi horien gainetik eta horien kontura gure bizitzaren alor guztietan eragiten dute lana eta bizitza bera berdefinitu nahiean. Bezos eta gizon txuri hiperkapitalista digitialek osatutako eliteak ekonomian eta Altered Carbon telesailak fikzioan irudika dezaketena.
Plataforma kapitalismoaren bi aurpegiren isla besterik ez dira eta biak Black Mirror telesailean irudikatzen dira elkarrekin. Gure bizitzen gaineko kontrola galdu dugun ez-etorkizun bat irudikatzeko.
Jendartean psikologikoki eragiteko gero eta mekanismo gehiago martxan jartzen ari dira. Adimen artifizialaren garapenarekin batera, sofistikazio maila handiagoa izango dute, mugarik jarri ezean. Lehen ezkutuagoan egiten ziren operazio psikologikoei buruzko informazioak, gerra testuinguruan bada ere argitara ateratzeak arrazoi berari erantzuten dio; jendartea masiboki kontrolatzeko neurrien garapena gero eta handiagoa da.
Interneteko sare sozialek, beren negozioari eragiten dioten kasuetan bakarrik saiatzen dira eragin hau apur bat mugatzen makinaria horren guztiaren eragin sozial kaltegarria. Facebook-ek suprematismo zuriari lotutako mezuak mugatuko dituela eman du aditzera, eskerrak euskaldunak zaku berean sartu ez gaituztela oraingoan. Whatsapp-ek aldiz, mezu pribatuen bidez igortzen dena mugatu «ezin» duenez, mezu bat askotan partekatua izan bada abisu batekin markatuko du. Mezu hori zurrumurrua edo behintzat hedapen handia izaten ari dela kontutan hartu dezagun.
Kritikoak diren begirada asko dago, baina kritikoak izanik, aldi berean alternatibak planteatzen ari direnak, burujabetza teknologikoaren eta eskubide digitalean inguruan biltzen ari dira.
«Burujabetza teknologikoa herriek, komunitateek eta herrialdeek, nork bere ezaugarrien arabera, modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz, beren sistema eragile, software, hardware, sare eta azpiegitura politika propioak definitzeko eskubidea dute. Teknologia eduki eta ekoizteko eskubidea bere baitan hartzen du, alegia, jende guztiak dauka teknologia seguru, bizigarri eta kulturalki egokia, eta teknologia ekoizteko baliabideak izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa. Teknologia burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela merkataritza auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko».
Ahalduntze digital bat proposatzen dute eta maila ezberdinetan eragiteko neurri zehatzak, udaletatik eta ekonomiatik batzuk, orokorragoak beste asko. Utopia eraikitzaile bizigarriak sortzen ari dira, baina horretarako hauetan sinistu beharko dugu gehiengo zabal batek.