Booktegi plataforma digitalak ElkarrizKatea literatur saioaren hirugarren denboraldia abiatu du. Saioa Azkue Fundazioaren babespean egin ohi da, eta atal guztiak Euskararen Etxean grabatu dira.
Denboraldi berri honetako lehenengo atalak Goizalde Landabasoren eta Lutxo Egiaren arteko solasaldia biltzen du. Booktegiren iragarri duenez, “atal honetan Goizalde Landabaso eta Lutxo Egiaren solasaldia entzungo dugu, Oier Guillanek Lutxoren literaturaz hitz egin du, eta Ana Galarragak bilbotarraren biografia eskaini digu”.
Booktegiren ikus-entzunezko egitasmoa da ElkarrizKatea, zeinetan hainbat idazlek parte hartzen duten, elkarren artean hitz egiteko helburuarekin. Hala, “A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin”.
Halaber, Azkue Fundazioaren helburu estrategikoetako bat da euskarazko ikus-entzunezko sormena eremu digitalean sustatzea.