Aurrez aurrekoa eta online modalitatea bateratuz emango dituzte eskolak. DBH-ko 4. mailan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egingo da Aste Digitala esperientzia, 57 ikastetxe publikotan. Ekimena azaroaren 30ean hasiko eta astebete iraungo du.
Datorren astetik aurrera abiatuko da Eusko Jaurlaritzak ondutako Aste Digitala esperientzia pilotua, hau da, digitalizazioan eta pedagogian urrats berriak egiten jarraitzeko esperientzia pilotua.
Hauexek dira ekimenaren helburuak: Gaitasun digitalak indartzea; Hausnarketa pedagogikoan sakontzea; Digitalizazio-praktika onak partekatzea; Ikastetxeen arteko lankidetza markoa trinkotzea, elkarrengandik ikasteko kultura zabaltzeko; Digitalizazio-estrategiarako marko bateratu eta jarraibide eraginkorrak eskaintzea; Balizko egoera baten aurrean, bigarren agertoki eraginkorra irudikatzea, konpartitzea, inplementatzea eta hobetzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, “esperientzian parte hartuko duten 57 ikastetxe publikok eskolak aurrez aurre eta online eskainiko dituzte aldi berean, bi modalitateak bateragarri eginez. Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Lanbide Heziketako Ikastetxeak izango dira; orotara 21.000 ikasle inguruk parte hartuko dute eta hezkuntza alorreko 3.000 profesionaletik gora (irakasle eta aholkulari) inplikatuko ditu esperientziak”.