Game Erauntsia Elkarteak, Gu Ere Bai! ekimenak eta Hamaika Telebistak FIFA 21 Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon. PlayStation 4 plataformaz baliatuz, martxoaren 1ean hasiko da txapelketa, etxetik euskal kirolarien eta euskal selekzioaren aldeko aldarripakena egiteko, Euskal Herritik mundura.

 Euskal Liga izanik, Alaves, Athletic Club, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dira norgehiagoketan, izan ere, Electronic Arts-en bideo-jokoak ez ditu emakumezko taldeak eskaintzen, selekzioak salbuespen.

Txapelketa osoa euskara hutsez antolatu eta jokatuko da. Finala Hamaika Telebistaren Bilboko egoitzan jokatuko da Aberri egunarekin bat eginez, apirilaren 4an. Hamaika Telebistan zabaltzeaz gain, finala Game Erauntsiaren Twitcheko kanalean ere jarraitu ahal izango da, mundu guztian ikusgai izateko. Irabazleak hainbat sari jasoko ditu.

Izen-ematea Game Erauntsiaren webgunearen bitartez gauzatu behar da, bertan jadanik araudi osoa eskuragarri dagoelarik. Izena emateko epea martxoaren 16tik 25era da. Parte-hartzeko PlayStation 4-ko FIFA21 jokoa eta Internet konexioa beharrezkoak dira.

Hamaika Telebistak txapelketaren finala zuzenean jarraitzeko bide anitz eskainiko ditu, LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskalteleko Telebista zerbitzuaren bidez eta webgunetik.