Kopia digitalentzako itxarote-zerrendak bertan behera utzi ditu AEBEtako Internet Archivesek; hortaz, 1,4 milioi liburu jarri ditu eskuragarri musu-truk. Horretarako, National Emergency Library izeneko liburutegia abiatu du oraintsu, munduko hainbat herrialde harrapatu dituen pandemiaren harira. Izan ere, makina bat liburutegik itxi behar izan dute COVID-19 birusak eragindako egoeraren ondorioz.

Azken asteotan hainbat plataforma eta sortzaile eduki asko banatzen ari dira doan edo deskontu handiekin. Internet Archives webguneen bertsio zaharrak ikusteko tresna da, eta horregatik da ezaguna. Oraingoan, baina, digitalizatuta dituen milaka liburu doan kontsultatu daitezke, eta aukera hori ez dago AEBetara mugatuta, nornahik kontsulta ditzake Interneteko konexioa izanez gero.

Internet Archivek bere liburutegi digital propio dauka; Interneten milaka daude. Liburu digital bat nahi adina aldiz eskaini daiteke ez baitauka muga fisikorik, baina egile eskubideak errespetatzeko asmoz, liburutegiek eskaintza hori mugatuta dute: liburuaren lizentzia kopuruaren arabera ematen dira liburuak maileguan; alegia, lizentziak adina pertsonari baino ez zaizkie mailegatzen. Gainerako eskaerak, itxarote-zerrenda batean biltzen dira, hau da, liburutegi tradizional baten antzera.

Bada, Internet Archivek itxarote-zerrenda horiek ezabatu ditu National Emergency Library-ren bidez; hortaz, erabiltzaileek eskatzen dituzten kopia guztiak ematen dituzte. Ekimen horren bidez, egungo konfinamenduaren mugak hautsi nahi dituzte, ikasle, ikerlari eta herritar guztien mesederako. Neurri hori indarrean egongo da AEBetako larrialdi-egoera amaitu arte; hain justu, ekainaren 30era arte.

Hala, National Emergency Libraryk 1,4 liburu eskainiko ditu, eta horiei Internet Archivesek itxarote-zerrendarik gabe eskaintzen dituen 2,5 milioi gehitu behar zaizkie. Liburuak hainbat hizkuntzatan daude eskuragarri.