Itsasoa mugitua dator, informazio askorekin, hau da farotik ikusi ahal izan duguna. Teknologiaren handien albiste kezkagarriak, aurpegi detekzioa, inteligentzia artifiziala, datuak eta kontrola.
Ekonomia digitalaren erregularizazioaren saiakera garrantzitsuak, ingurumenaren inguruko teknologiak eta berrikuntzak. Mundutik, Txinak albiste gero eta gehiago sortzen ditu, baina gurean ere zenbait ere harrapatu ditugu. Garai politiko txarretan ere, jendearen eta jendartearen alde apustu egiten dutenak ere badaude noski.
Googlek milioika pertsonen mugimenduen telefono datuak pakete bihurtu eta saltzea du helburu, zure banku izateko datu bilketan jarraitzen duen bitartean. Frantzian, lege hausturak direla eta lehen zigor potoloak jasotzen hasi dira, hori bai, diru asko Bermudetan gordea duten bitartean.
Facebookek kritika asko jasotzen ditu, baina badu plan bat. Facebook, Instagram eta Whatsapp- en arteko fusioa egitea du helburu. Bestetik, gazteenen bizitza digitalari buruzko datu gehiago eskuratu nahi ditu oraindik, oraindik gazteago direnean harrapatzeko helburuarekin.
Pribatutasun arazo ezagunengatik zigorrak jasotzen ari den arren, jende askok oraindik ez daki beren bizitzetatik zer jasotzen duen ere eta okerrago ere izan daitekeela oraindik.
Gure app-ek gero eta gehiago dakite guri buruz eta inteligentzia artifizialak, datu biometrikoei lotuta arazo berriak sortuko ditu. Larrienetako bat, aurpegi detekzio automatikoari lotutakoa da. Batzuetan, aplikazioetako akatsak edota gaizki gordetako edukiak izan daitezke arazoen iturri, baina ia edozein aurpegi errekonozimendu masibo askatasunaren aurkako eraso bat da.
Txinak gero eta albiste gehiago eskaintzen ditu. Alde batetik txipen munduan aurrerapausoak eman ditu adimen artifizialari lotuta. Garraio publiko elektrikoan aurrerapauso itzelak egiten ari da eta autobus autonomoen flota izugarri bat jarri nahi du martxan. Zibergerra ere informazio esparru garrantzitsu bat da, ez bakarrik Txinan, baita beste herrialde askotan ere; Japoniak adibidez, bere herriko gailuak erasotuko ditu, hauen segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Ziber-mehatxuei buruz asko entzungo dugu 2019. urte honetan.
Datuak, datuak, datuak… mantra bat bilakatu zaigun kezka orokor bat. Datu handiekin zer egin eta nola kezka iturri bihurtu da; feminismotik ere azterketa lerro interesgarriak abiatzen ari dira. Bartzelonan aldiz, politika lerro berriak jarri dituzte martxan, Francesca Briaren taldearen eskutik. Katalunia mailan ere, ari dira behingoz ekonomia digitalaren alorreko gehiegikeriei muga jartzen. Ez da leku bakarra, New Yorken ere ari dira hau arautzen.
Blockchain teknologia gutxiago entzuten da, heldutasun seinale izan daiteke edo auskalo. Hala ere, bi proposamen deigarri topatu ditugu Holochain eta stablecoin-ak.
Ekonomia digitaleko ereduek, lanaren prekarizazioan eragin zuzena izan dute, baina orain teknologia bai, baina beste eredu “justuago” batzuk ere agertzen hasi dira. Lanaren eztabaida dago atzean beti, desagertuko diren lanak baino (Tesla bezalako enpresa handiek egiten duten moduan), sindikatuetan antolatzeko tresna berriak, kooperatiba mugimendu teknifikatuak edota komunen inguruko proposamenak mahaigainean daude orain.
Itsasoko urak uste baino azkarrago berotzen ari dira. Horren aurrean, itsasoari lekua kentzeko teknologien garapena izugarriak egiten ari dira. Beste planeta batera joan nahiko lukete batzuk eta horra begira daude eta horregatik ere, misio espazialez jositako urtea izango da hau. B planetaren aukerak baina, ez dirudi plan onena denik.
Osasunaren alorrean behintzat badira albiste onak, ama zelulen ikerketan adibidez. Erretzeari uzteko garaian, e-zigarretak lagundu dezakeela ere jakin dugu. Garunen arteko, konexio zuzenaren bidez elkarlanean aritzeko teknikak ere probatzen ari dira. Hala ere, egunerokoan teknologiaren zenbait erabilerak sortzen digun insomnio kontrolatzen hasteko beharra ere agertzen hasi da. Startup ereduan sustatutako ekintzailetzak ere, arazo psikologikoak sortzen dituela dakigu orain.
Euskal Herriari begira, Euskalteli gelditzen zitzaioen euskal izaera gutxia galtzear dagoela ikusi dugu. Jendartean dauden arrakalei begiratzen dio Ion Maiak eta herrigintzaren corpus berri baterako ideiak proposatzen Joseba Garmendiak. Argi dago ezta? zerbait gaizki egin dugu bidean, konplikatua bada ere, gure giza izaera kolektiboan idarra jartzea dagokigu.