Booktegi plataforma digitalak Xerezaderen Artxiboaren beste lau audio-grabaketa plazaratu ditu, bai eta Gotzon Barandiaranek Ana Malagonekin ElkarrizKatean izandako solasaldia ere. ElkarrizKatea Azkue Fundazioak babestutako ekimena da.

Katherine Mansfield idazlearen Ma Parkerren bizitza da Xarezadaren Artxiboen lehena: “Xerezade Katherine Mansfield idazleari joan zaio bisitan, eta, aurrez uste zuenaren kontra, ez du aurkitu dama eta zaldun dotoreez betetako saloirik, ez du entzun zetaren fru-frua alfonbra dotoreen gainetik dandarrez; ez du konplimenduzko hitz politik entzun piano nota alaiez nahasirik”.

Gutunak ere badira Xerezaderen fitxategien artean: “Xerezadek amore eman dio lotsarik gabe bere joera kuxkuxeroari eta hor hasi da triki eta traka inoren etxeko tiraderak eta armairuak zabaltzen gutun pertsonalen bila. Gutunak literatur genero bat dira, ez da hala?”

Horiekin batera, Euskal arkaikoak ere eraman ditu Xerezadek Booktegira. “Atal honetan iragan lanbrotsuan murgildu gara, gure arbasoen oihartzunen bila”.

Azkenik, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea: “Xerezade Estatu Batuetako Georgiaraino joan da bere lagun Flannery O’Connorri bisita egitera. Izan ere, Xerezaderi ez zaio batere interesatzen jende arrunta, eta Flanneryk jende berezi piloa ezagutzen du”.